Realak asko zuen irabazteko Getafen. Garaipenak itxaropenaren ateak zabaltzen zizkion. Itxaropena denboraldi bukaera eroso asko batekin, aspaldiko partez. Edo itxaropena, zergatik ez, UEFArako sailkapenaren, edo borroka horretan sartuta egotearekin. Baina ez. Lehengo lepotik du burua taldeak. Jauzia emateko aukera eduki, eta estropezua beste behin. Putzuan dauden taldeak ez dira oraingoz suspertu, eta jarrai dezatela horrela gure mesederako, baina kontsolamendu eskasa da hori. Zalearentzat etsigarria da Reala etengabe harri berarekin tupust egiten ikusteak. Taldea goian ikusi nahi, eta aurrerapausoa ematea tokatzen denean, sekulan ez da iristen. Deja vu.
Etsigarria ez ezik, amorragarria ere bada, Getafek ez zuelako erakutsi Reala baino hobea denik, ezta gutxiagorik ere. Baina gauza bera gertatu da beste hainbat partidetan. Sailkapenari errepasoa eman, eta Realak aurretik dituen taldeei begiratzen baldin bazaie, horietako asko ez dira txuri-urdinak baino gehiago. Osasuna, Rayo, Getafe, Mallorca… adibide asko daude. Edo Athletic bera, laudorioak besterik jasotzen ez dituen arren. Azken boladan behintzat, txukun aritu da Reala partida gehienetan, boladaka baldin bada ere, baina uzta kaskarra bildu du etxetik kanpo: dela epaileagatik, dela zorte txarragatik edo bere inuxentekeriagatik, joko puntu polit hori lehiakortasunarekin uztartu ezinik dabil.
Levante ere ez dago inori harrokeriaz begiratzeko moduan. Denboraldi hasieran, jaisteko hautagai nagusienetakoa zen askorentzat. Inor gutxik esango luke Reala baino talde hobea zenik orduan. Baina aurtengo Ligako oreka horretan, urrea topatzen ari dira valentziarrak. Football is football. Sekulako etekina ateratzen diete bere baliabideei, eta ondo aprobetxatzen dituzte aurkariak emandako erraztasunak. Joaneko norgehiagoka izan zen horren adibide garbia. Markagailuan aurreratu, eta lehen zatian zeharo nagusi izan arren, hiru puntuek ihes egin zizkioten Realari, Rubenek luzapenean falta jaurtiketan asmatu ondoren. Tankera berean puntu ugari galdu ditu taldeak.
Gezurra badirudi ere, Levante zen Ligako liderra Realari irabazi ondoren, hamargarren jardunaldian. Gerora behera egin zuen, baina berriz indarberritu, eta Real Madril, Bartzelona eta Valentzia baino ez ditu aurretik egun. Esaerak dioen moduan, ‘itsuen erreinuan, begibakarra alkate’. Ikusi beharko da Realak Anoetan azken aldian erakutsitako eraginkortasunari eusten dion gaurkoan. Gertutik zaindu beharko ditu Levanteren geldikako jokoa –Barkero beti mehatxu-, eta bere erdilariek gora egiteko duten joera. Ikusteko dago ere zein den Montanierren hurrengo burutazioa. Zaila da itsuen erreinuan nabarmentzea artzaina, itsua ez ezik, batzuetan gorra ere baldin bada.







