Jokalarien jarrerak ez zuen batere lagundu oraingo honetan. Haiena da erantzukizun nagusia. Goserik ez zuten erakutsi zelaian, eta ezta lehia ondorengo adierazpenetan ere: normala dela Bernabeun galtzea, lehen golaren ondoren malda gora jarri zitzaiela dena, hori ez dela bere Liga… Badirudi ez dutela ulertzen zenbateko ilusioa pizten duten –edo zuten?- jarraitzaileen artean Real Madrilen aurkako partidek. Badirudi ez dakitela zenbat dagoen jokoan. Badirudi ez dakitela bere burua aldarrikatzeko aukera dutela, eta Realarekin sufritzen dutenei urteko pozik handiena emateko aukera dutela. Martxa honetan, onenen aurrean ez jokatzea eta puntuak oparitzea izango da egokiena. Haien Liga ez bada, zertarako jantzi galtza motzak?
Zaleak dira Realaren aktiborik nagusiena. Zentzua ematen diotenak. Ez balira hor egongo, ez litzateke Realik existituko. Pasio baten historia da Realaren historia. Pasio hori da futbolarien soldata mamitsuak ordaintzen dituena. Baina jokalariak ez omen dira konturatzen. Haiek ere izan dira zale txikitan, baina ahazten zaie nondik datozen. Zenbat aldiz eskatu zaie, kanpoko partidetan, haiek ikusteko ehunka kilometro egin dituztenei agurtzera gerturatzea? Zenbatek egiten dute hori? Madrilen gertatutakoa da jokalariek jarraitzaileekiko duten sentsibilitate falta frogatzen duen enegarren adibidea. Horren neurketa eskasa egin ondoren –Madrilgo kazetaririk merengeenak ere harrituta omen daude Realak emandako mailarekin-, talde erdia baino gehiago diskoteka ezagun batera joan izanak ez dauka defentsa posiblerik.
Bere denbora librean nahi dutena egiteko aske direla onartuta ere, jokalariek jakin behar dute noiz, non eta nola egin. Jakin behar duten noiz den une egokia eta noiz ez. Jakin behar dute toki egokia aukeratzen, neurria ez galtzen eta ondorioak neurtzen. Aldagai horiek kontuan hartzen asmatzen baldin badute, jokalariek tarte zabala daukate festarako eta ondo pasatzeko. Buru pixka bat edukitzea baino ez da behar horretarako. Normala da noizbehinka, beste edozeinek bezala, trago artean barrenak kanporatzea eta ondo pasatzea. Baina joan den larunbatekoa hankasartzea izan zen. Itxurak zaintzea inportantea da, eta Realaren irudia kaltetuta gelditu da. Sailkapena estutzen ari den honetan, giro aldrebesa baino ez zuen behar taldeak.
Klubaren beste hainbat ordezkari ere ez dira toki onegian gelditu. Zelaian horren negargarri aritu ondoren, Montanierrek astearte arratsalde arte jai eman izanak ez dauka ez hanka eta ez buru. Non gelditzen dira Zubietan egindako obrak, otorduak bertan egiteko asmoak, goiz eta arratsaldeko lan saioak, diziplina eta metodoetan frantziarrak ekarri behar zuen iraultza? Presidenteari dagokionez, afera honi buruz aipatzen ari direna egia baldin bada, bere nagusitasuna ezbaian gelditzen da. Posible al da Aperribaik jokalarien intentzioen berri ez izatea? Egia da informazio falta horrek Realarentzat kostu ekonomikoa izan duela, hegaldien kontuagatik?
Honelaxe promozionatzen du bere burua Realeko jokalariek aukeratu omen zuten diskotekak interneten: “’Cool’, esklusibitatea, luxua, kalitatea, abangoardiako musika, diseinuko arropa, gama altuko autoak, perfume onak, whisky eta txanpan garestienak, itxarote zerrendak, ‘celebrity’-ak dantzarako pistan eta erreserbatuetan, sona handiko bertako eta nazioarteko abizenak”. Egiari zor, bestelako komentariorik ez du merezi. Larunbateko norgehiagokak bezala.







